Tonbola irekia, kartela aukeratua, txupinazoa nork –aukeragai–, zuresia, egutegia… Ezin uztailaren 6ko eguerdira eramanen gaituen zurrunbilotik ihes egin, ekainean sartu berri garen honetan. Aurten, ordea, festen aitzinean ohikoak diren osagai horiez landara, liburu bat ekarri behar da sanferminetarako atzera-kontura, Iruñeko IKF Fundazioaren ekimenez eta Pamielaren eskutik plazaratu berria, hots, Felix Urabayenek duela ehun urte idatzitako El barrio maldito eleberria, Aingeru Epaltzaren esku artatsuek euskaraz maisuki zizelkatu izanaren ondorioz, Auzo madarikatua bilakatua.
Baztan eta Iruñea uztarturik, Urabayenek XX. mende hasierako sanferminen gaineko ikuspegia eskaintzen digu, festaren barnetik eskaini ere, bertze inork baino lehenago, Hemingwayren aurretik, gurea hogeita hamar bat mila biztanleko hiria zenean, ia alde zaharrera mugatua zegoenean. Urabayenek zenbait gizaseme edo bestazale ohoretsuren erretratu bikaina egiten du: Ezpanta igeltseroa, Ilzarbe ameslaria, Izurdiaga dantzaria eta bertze. Eta Hemingway ez bezala, luze eta zabal mintzatzen da entzierroaz, amerikarrak zezenketa nahiago baitzuen goizeko lasterketa baino.
Konparazio batera, Urabayenen lumak dioenez, zezen saldoa Estafetara heldu, abiadura moteldu eta “maneran egiten zen lasterka, kasik zientifikoki, behar bezainbateko lekua izanik eta zezenen abiadurara moldaturik”. Horrenbertzez, gure festei buruzko lehen eleberria, The sun also rises baino urtebete lehenago argitaratua (euskaraz, Fiesta. Eguzkia jaikitzen da), Urabayenen ondorengoek maiz aldarrikatu duten bezala eta Fermin Erbiti kazetari iruinxemeak ere behin baino gehiagotan oroitarazi duen gisan. Argitalpenari, gainera, argazki ederrez jantzitako aitzinsolas jakingarria erantsi zaio, begirada duela ehun urte inguruko Iruñea hartan pausatuta. Goza ezazue.